Albisteak

 

Muskizen izango da, igande honetan, azaroaren 27an, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Aurkako Meatzaldeko XIV. Ibilaldia. Meatzaldeko udal guztiek bultzatu dute ekimen hau, eta ibilaldi honekin batera beste jarduera batzuk ere antolatu dituzte eskualdeko korporazioek, indarkeria matxistarik gabeko gizartea aldarrikatzeko.

Abanto-Zierbenako, Muskizko, Ortuellako eta Zierbenako udalek indarrak batu dituzte, indarkeria matxistari aurre egiteko eta Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Aurkako XIV. Ibilaldia atera dute aurrera. Aurten Muskizen izango den ibilbidea Cantarrana Eskolako autobusentzako aparkalekuan hasiko da, udalerriko tren geltokitik hurbil.

Goizeko 11:00etatik aurrera, ordu eta laurdeneko tartean, gutxi gorabehera, meatzaldeko herri honetako auzoak zeharkatuko dituzte ibilaldia egitera animatzen diren guzti horiek, Genero Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko eguna dela eta, hau da, azaroaren 25a dela eta, egin diren ekintza guztiei amaiera emate aldera. Azkenik, Muskizko Emakume Elkarteko kideek adierazpen bat irakurriko dute eta irakurketa horrexek emango dio amaiera ibilaldiari.

Emakumeen Indarkeriaren Aurkako ibilaldi hau duela 14 urte antolatu zen lehenengo aldiz, eta indarkeria matxista desagerrarazteko urtero-urtero aurrera ateratzen diren ekimenen artean finkatu da.