Albisteak

 

Muskizko Udaleko Gizarte Ekintza Sailak egiten duen lana aintzat hartu da Guztion Artean Eginez izeneko foroan. Sari honen bitartez, gizartearekiko hartu duen jarrera arduratsua  dela eta, meatzaldeko udalerri hau Bizkaia osoan eredugarria bilakatu dela nabarmendu nahi izan du irabazi asmorik gabeko enpresa elkarte honek. Jarrera arduratsu hori, besteak bete, Muskizko Udalak herritarrei eskaintzen dizkien gizarte laguntzen aukeretan eta gizarte laguntza horien kalitatean islatzen da. 
 
Muskizko bizilagunen beharrei erantzuteko, zerbitzu eta jarduera ugari ateratzen ditu aurrera Muskizko korporazioak, eta Muskizko Udalak egiten duen hori saritu berri dute. Jantoki Sozialean eta Familiek Atseden hartzeko Zentroan egiten den lana nabarmendu da; eta, batez ere, Garraio Egokituko Zerbitzua. Sari hauen bitartez, Muskizko Udala bere osotasunean egiten ari den ahaleginari esker ona eman nahi izan dio Guztion Artean Eginez izena daukan foroak.

Gizartearekiko erantzukizuna dela eta, balio erantsia daukaten jardueretan oinarritutako politika berria sortu du Muskizko udal korporazioak; eta, sari honen bitartez, Muskizko Udala egiten ari den ahalegin hori nabarmendu nahi izan du irabazi asmorik gabeko elkarte honek. Esate baterako, Garraio Egokituko Zerbitzua bultzatuta, muga arkitektonikoak kentzetik haratago joan dira Muskizko Udaleko arduradunak, izan ere, herriko bizilekuetan eta eraikin pribatuetan atzemandako irisgarritasun mugak ere kendu egin dituzte.

Finkatutako zerbitzuak

Orain dela sei urte ipini zuen abian Garraio Egokituko Zerbitzua Muskizko Udalak eta finkatzen joan da, harik eta, 2015. urteko datuen arabera, urteko 13.000 laguntzara iritsi arte. Hilero egiten diren ohiko zerbitzuek laguntza guztien % 85 osatzen dituzte; eta gainerako % 15 noizean behingo jarduera jakinei dagokie –asteburuetan ADIZMI elkartearekin egiten direnak, adibidez– eta egunerokoak ez direnak –zentro jakinetara bideratutakoak, adibidez, ADEMBI, ATC edo ASPARBI– .

2010. urtean ipin izen abian Jantoki Soziala. Jantoki Sozialaren helburua honakoa da: eguneroko elikadura orekatu, osasungarri eta egokitua bermatzea, betiere janaria erosi eta prestatzeko arazoak dauzkaten pertsona horien beharrak kontuan hartuta. 60 urtetik gorako pertsonei zuzendutako zerbitzua da, jubilatuentzat eta Muskizen bizi eta laguntza fisikoa, psikikoa edota soziala behar duten horientzat.

Familiek Atseden Hartzeko Zentroak ere 2010. urtean ireki zituen ateak, asteburuan zehar etxeko nagusiak zaintzen aritu behar duten familia horiei beste aukera bat gehiago eskaintzeko. Egunez erabiltzeko gunea da, pertsona hauen beharrei erantzuteko sortutakoa. Animazio soziokulturaleko programa dauka eta Hornidura eta Garraio Egokituko Zerbitzuak ere eskaintzen dira.