Albisteak

 

Donejakue Bidearen Borondatezko Zaintzaileen Bizkaiko Elkarteak eta Muskizko Udalak eskailera higikor edo eskailera igogailu bat eman diote meatzaldeko herri honetako Eguneko Zentroari. Pobeñako aterpetxean 2016. urteko udan zehar jaso diren opariei esker erosi ahal izan da aparatu hau.

Ohikoa den moduan, Pobeñako aterpetxean laguntzen duten boluntarioek eta Muskizko Udaleko arduradunek legealdi honetako udan zehar jaso diren ia 5.000 euroak oparitu egin dituzte. Oraingo honetan, Muskizko Eguneko Zentroan jarriko den eskailera mugikorrerako erabiliko da udan zehar jaso den diru hori. Hala eta guztiz ere, mugikortasun arazoak dauzkaten muskiztar guztiek aparatu hau eskuragarri edukitzea da Muskizko Udaleko arduradunen asmoa.

Eguneko Zentroan izan den ekitaldian, Donejakue Bideko zaintzaileak eurak izan dira, Muskizko Udaleko Gizarte Ekintza eta Hezkuntza Sailetako ordezkariekin batera. Ekitaldi horretan eskailera igogailua eman zaio Eguneko zentroari. Uhalak, burukoa eta oin-euskarri tolesgarriak dauzka eskailera higikorrak. Ekintza altruista honen bitartez, meatzaldeko udalerri honetan premia handiena duten auzotarrei laguntzeko gertu daudela aldarrikatu dute Donejakue Bideko Borondatezko Zaintzaileen Elkarteko kideek.

Mugikortasun arazoak dauzkaten eta laguntza behar duten muskiztar batzuen bizilekuetan, bizi diren eraikinetako dimentsioengatik, ezin da Gizarte Zerbitzuek eskura daukaten eskailera erabili, eta muga arkitektonikoak gainditzeko motordun aulki honi esker, Muskizko auzotar horien premiei ere erantzun ahal izango zaie. Honenbestez, atzemandako gabezia bati irtenbidea eman ahalko dio aparatu berri honek. Eguneko Zentroko erabiltzaileei eta Egokitutako Garraio Zerbitzua erabiltzen dutenei eragiten zien hutsune horrek.

Aterpetxea finkatzea

2016. urteko estatistikek erromesentzako Pobeñako gunearen alde egiten dute, izan ere, aterpetxeko erabiltzaile kopurua finkatua du eta Kantauri itsasertzeko bisitatuena bihurtu da. Muskizko Udal Korporazioaren aburuz, kokaleku paregabea dauka Pobeñako erakin honek, mendiaren eta hondartzaren bide erdian baitago, eta horrexegatik dauka hain harrera ona, beste arrazoi batzuen artean.

Borondatezko zaintzaileek babesten dute aterpetxe hau, era guztiz altruistan, eta erromesei lagundu, duten beharrei erantzun eta Donejakue bideari dagokionez behar duten laguntza eta informazioa ematen diete. Borondatezko Zaintzaileen Elkarteak, ohiturari jarraiki, ez die ezer kobratzen instalazioetan ostatu hartzen duten horiei. Estatu mailatik eta atzerritik etorri eta bisita egiten digutenek, kasu askotan, opari gisa eskertzen dute Pobeñan izaten duten harrera ona.