Albisteak

 

Pobeñara, San Julian auzora, San Juanera eta poligono osora ailegatuko da argiztatze publiko eraginkorra. Guztira, 759 argi aldatuko dira Muskizko udalerri osoan, eta aste honetan bertan hasi dira lan horiek. Ekimen honen bitartez, atmosferara egiten diren isurketa kutsagarriak murriztu nahi dira, kaleko farolen argi energiaren gaitasuna handitu nahi da eta, horretaz gain, udal korporazioaren energia kontsumoa, gutxienez, % 60 jaitsi nahi da.

Argiztatze publikoa ordezkatu eta LED motako argiak ipintzea Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Planak eta Tokiko Agenda 21 delakoak jasotzen dute, eta biak ala biak berretsi ditu Muskizko Udaleko Osoko Bilkurak. Aste honetan bertan, bigarren faseko lanak abiarazi dira, hain justu ere, Pobeña auzoko farolak aldatu dira. Nolanahi ere, lan hauek San Julian auzora, San Juanera eta poligono osora ailegatuko dira.

Ekintza honi esker bakarrik energia kontsumora bideratutako urte osoko partidan % 60 aurreztea espero du Muskizko Udaleko Ingurumen Sailak; eta horrek ekitaldi bakoitzean, gutxi gorabehera, 40.000 euro aurreztea dakar. Horretaz gain, atmosferara egiten diren isurketak urte bakoitzeko 50 tonatan jaitsiko dira.

Argiztatze eraginkorragoa erdiesteko bigarren fase honetako 759 argiak instalatutakoan, kontuan hartzen baldin badugu anbizio handiko proiektu honen lehenengo fasean beste 585 argi instalatu zirela, guztira, Muskizko udalerriko farola guztien % 75 LED deritzon teknologiakoak izango dira.

Diruz lagundutako inbertsioa

Udalerriko farola guztiak ordezkatzeko, 570.000 euro inguru bideratzea aurreikusten du Muskizko Udalak. Diru-kopuru horretatik, gutxi gorabehera, 232.000 euro lehenengo fasean erabili dira, hau da, 2014. urtean zehar egindako fasean; eta beste 181.300 euro pasatxo bigarren fase honi dagozkio. Arestian aipatu den moduan, aste honetan bertan hasi dira bigarren fase honetako lanak.

Hala ere, Muskizko udal korporazioaren inbertsio erreala 126.920 eurokoa da, izan ere, Energiaren Euskal Erakundeko 54.395 euro inguruko diru-laguntza lortu da, argiztatze publikoko argiak aldatu eta LED teknologiakoak jartzeko proiektuaren bigarren fase honetarako. Horretaz gain, kontuan hartzen badugu Muskizko Udalak urtero-urtero zenbat aurreztuko duen, hiru urte eta erdi igaro baino lehenago amortizatuko da egindako inbertsioa.

Argiztatze eraginkorra izateko bigarren fase honetan zehar, presio altuko sodiozko lanparak, halogenuro metalikozkoak eta merkurio lurrunezkoak aldatuko dira (baldin badaude). Ipiniko diren argi berriak LED teknologiakoak dira eta enpresa esleipendunari argiak jartzen direneko estetikari eusteko eskatu dio udal korporazioak. Adibidez, Pobeña auzoan ipintzen diren argi berriek gaur egun dauden burdin forjatuzko argiek duten antzinako kutsu hori izatea bilatuko da.

Kontsumoa jaistea

Argiztatze publiko berri honen bitartez, honako hiru helburu hauek erdietsi nahi ditu Muskizko Udalak: atmosferara egiten diren isurketa kutsagarriak murriztea, farolek duten argitzeko gaitasuna handitzea eta energia gastua % 50 jaistea.

Azken bi alderdi horiei dagokienez, ahalik eta eraginkorrenak eta efizienteenak izateko helburuarekin, bere fluxua erregulatzeko gaitasuna izango du jartzen den argietako bakoitzak. Horrela, koste elektrikoan aurreztea lortuko da, eta segurtasuneko argitasun mailak mantenduko dira.

Kontratazio hau arautzen duen baldintza teknikoen pleguan, obra hauek egiteko 3 hilabeteko epea ezarri du Muskizko Udalak.

Argiztatze publikoa ordezkatu eta dagoenaren ordez beste argiztatze eraginkorragoa jartzeko bigarren fase hau 2015. urtean zehar egitea aurreikusi zen. Izan ere, Muskizko Udalak enpresa bati esleitua zion lan hau, baina lan hauek ezin izan dira lehenago egin enpresa horrek porrot egin zuelako. Hori horrela, Muskizko Udalak berriro abiarazi behar izan ditu lanak esleitzeko izapide guztiak.