Albisteak

 

Udalerrirako Meatze Barrutietako Interpretazio Plana egitea esleitu du Muskizko Udalak. Horrela, Muskizko meatze gune hauetara ailegatzeko dauden sarbideak interpretatu eta seinaleztatzeko diagnosiari ekin ahalko zaio. Plan berri honek Meatze Barrutien “gidoi interpretatiboa” diseinatuko du; hau da, herritarrei zer nolako mezua helarazi nahi zaion zehaztuko du, bai maila globalari dagokionez, bai dauden gune desberdinetako bakoitzari dagokionez.

Proiektuaren hirugarren fase hau lehenetsi zen eta estrategikotzat jo zen 2015. urteko Kostaldeko Meatzetako Paisaiaren Plana delakoaren barruan, eta seinalizazio gida batekin bukatuko da. Seinalizazio gida horretan bertara hurbiltzen diren bisitariekiko komunikazioa nola bideratu adieraziko da: erabili beharreko diseinua, logotipoak, toponimia, irudiak…

Meatze Barrutietako Interpretazio Plana egiteko aurrekontua 21.659 eurokoa da (BEZa barne). Hala eta guztiz ere, udalerriko kostaldeko meatzetako paisaia nabarmentzeko 2017. urtean zehar aurrera aterako den proiekturako, Eusko Jaurlaritzari eta Kultura Ministerioari diru-laguntza bana eskatzeko asmoa daukate Muskizko Udalak eta enpresa esleipendunak.

Hurrengo hilabeteetan egingo diren jardueren artean, 2014an eta 2015ean egindako bi faseen ondoren, Meatze Barrutietako Interpretazio Plan berriak bisita nagusia egiteko ibilbidea zehaztuko du. Ibilbide nagusi hori dagoeneko babestuta dagoen Donejakue Bidean eta bere adar nagusietan oinarrituko da, eta Muskizko beste meatze barruti batzuekiko lotura nabarmenduko du. Horretaz gain, beste interpretazio puntu edo gune batzuk ere aukeratuko dira, bisita gunea osatzeko, norabideak, informazioa eta interpretazioa seinaleztatuz.

Aurreko ekintzak

2015. urtean zehar, Muskizko Udalak Meatzetako Paisaiaren Ekintza Plana egin zuen, udalerriko meatze barrutien etorkizuneko esku-hartzeak definitzeko, izan ere, meatze barruti horiek paisaia bat eta bakarra osatzen dute eta errespetatu beharrekoak dira. Ekintza Plan horretan jasota daude ingurua nabarmentzeko ikerketak, paisaiarekin lotutako ekintzak, seinalizazioa eta urbanizazioa eta erabilera berrirako proposamenak.

2014. urtean Udalak landutako meatze barrutietako Ikerketa Historiko-arkeologikoa osatzera dator Paisaiaren Ekintza Plana. Horrela, HAPO delakoan interes turistikodun kokalekuak gaineratuko dira. Gainera, lehenengo ekintza horretan Muskizko meatze instalazio bakoitzaren babes gradua zehaztu zen, instalazio bakoitzaren balizko arkeologiaren arabera.

Ekintza honen helburu nagusien artean honako hauek nabarmentzen dira: udalerriko ondare aniztasuna zabaltzea, ikuspegi kulturala kontuan hartuta bertako ondarea hobetuz; eta Kantabriarako errepidearen eta kostaldeko lerroaren artean hedatzen den ibilbidea berreskuratzeko plana diseinatzea, betiere bertako landa eremua errespetatuz.

Muskizko Udalak orain arte aurrera atera dituen ekintza hauek guztiek Eusko Jaurlaritzako edota Bizkaiko Foru Aldundiko sail baten edo beste baten diru-laguntzaren bat eskuratu dute.

Helburu zehatzak

Meatze barrutiak nabarmentzeko proiektu honek ondasun balioa duten eraikinak eta egiturak berriztatzea aurreikusten du, horrela, udalerriko memoria eta kultura gehiago zabaldu ahal izateko. Ikuspegi sozialetik, Muskizko meatzetako gune hauek berriro interpretatzea esan nahi du, bertako identitatearen lekuko gisa ezagutzera emateko eta herritarrei erabiltzeko eta gozatzeko gunea itzultzeko.

Ingurumenari helduta, honako hauek dira proposamen honen helburu nagusiak: meatze barrutietako zabor eta adarrak garbitzea, landare exotikoak kentzea eta bertako landareen landatze estrategikoa eta bidexkak eta ibilbideak mugatzea, pertsonen joan-etorriak nolabait ordenatze aldera.

Carrascal inguruan, aire zabalean, burdina ateratzen zuten galeria eta indusketa batzuetatik eta oraindik mantentzen dira kanpoaldeko galeria eta indusketa horiek. Kobaronera ematen duen Via Chiquita delakoaren bitartez edo kostaldea inguratzen duen Itsaslur pasealekuaren bitartez labe, kargaleku eta garbitegietaraino heltzen ziren bagoneta herdoilduetako bidea berreraiki daiteke. El Hoyo auzoan zutik daude oraindik meatzarien bizilekuak. Meatzari horiek forjatu zuten gaur egungo Muskizko paisaia.

Amalia Vizcaina izeneko bi labe bikiek antzinako meatzetik mea ateratzen zeneko garairaino garamatzate; gaur beteta dago. Mea kiskali eta gero, ferrokarril bidez El Castillo kargalekuraino eraman eta bertan itsasontziek Somorrostroko burdinaz betetzen zituzten euren sotoak, inguruko olatuei desafioka.

Horrek guztiak leku adierazgarria osatzen du, meatzetako gune hauetan bat egiten dute natura eta kultura ondasunak; eta Muskizko Udalak esparru horiek berreskuratu nahi ditu, dauzkaten ertz guztiekin, herritarrek gure ingurua gozatu, sentitu eta bizitzeko.