Albisteak

 

Muskizko Udalak saria jaso du Diamante Sarien VII. Edizioan. Diamante Sarien aitortza honek Udalaren energia kudeaketa goraipatzen du; eta ekonomiaren eta ingurumenaren eraginkortasunean Muskizko Udalak egiten duen lanak jasotzen duen bigarren saria da honako hau.

Hortaz, azken hilabeteotan bi aldiz saritu dira energia eraginkortasunaren alde Muskizko Udalak abiarazi dituen ekimenak. Izan ere, aste honetan bertan Muskizko Udaleko ordezkariek AERCE elkarteak banatzen duen Diamante Saria eskuratu dute; eta iragan den apirilean, Muskizko Udalak gisa honetako beste sari bat jaso zuen Udaleko Energia Kudeaketari buruzko jardunaldian, Hiri eta Herri Jasangarrien Europako 8. Konferentziaren baitan.

Erosketetako, Kontratazioetako eta Hornikuntzetako Profesionalen Espainiako Elkartearen ekimena da AERCEko Erosketa Diamantea izeneko Saria; eta sari honen helburua da arlo honetan nabarmentzen diren pertsona eta erakundeak saritzea eta enpresa praktika onak zabaltzeko bitarteko izatea.

AERCE elkarteko sari banaketa atzo izan zen, hain justu ere, Madrilen, eta arestian aipatu dugun moduan, sari banaketa horretan Muskizko Udalak ingurumenaren kudeaketan egin duen lana goraipatu zen. Aurreko edizioetan, sektore publikoaren atalean, besteak beste, honako erakunde hauek aurrera eramandako lana saritu da: Bilboko Udala, Getxoko Udala eta Kataluniako Generalitatea.

Ingurumenaren alde Muskizko Udalak bultzatzen dituen ekimenek helburu bikoitza daukate: alde batetik, atmosferara isurtzen diren anhidrido karbonikoaren eta bestelako negutegi efektuko gasen isurketak jaistea; eta bestetik, inbertsioan eta mantentzean Muskizko Udalak dituen gastuak murriztea. 

Aurreko auditoriak igarota, prozesu honen amaieran ISO 50001 ziurtagiria eskuratzea espero da. Bere osotasunean ziurtagiri hau lortzen duen lehenengoa izango litzateke Muskizko Udala, alegia, udal instalazio guztietarako. Hurrengo ekitaldian ziurtagiri hori lortu ahal izateko, Biomasa, Minieolika, Eguzki Energia, Geotermia eta era horretako energia berriztagarrien ezarpenenean lanean ari dira Udaleko arduradunak.