Albisteak

 

Morenillo bidea berriztatzeko lanen esleipena onartu du Muskizko Udaleko Gobernu Batzordeak. Bideko zorua berritzeko lanen azken zenbatekoa 81.800 euro ingurukoa izango da, BEZ barne, eta lan hauen barruan daude azaleko geruza eta euskarria berritzea, bide bazterra garbitzea, bide bazterreko sastrakak kentzea eta dauden ur pasabideak lurperatzea.

Morenillo bidearen asfaltozko aglomeratua gaur egun higatuta eta hondatuta dago. Hori dela eta, auzoetako sarbideak hobetzeko politikaren barruan, lan hauek aurrera eramatea erabaki du Udal Korporazioak, eta, bide batez, sarbide honetan dauden 6 ur pasabideak eraberritu eta lurperatuko dira.

Obra hauek guztiak 2016. urteko azken hiruhilekoan hastea eta, gutxi gorabehera, bi hilabeteko epean egin ahal izatea aurreikusten du Muskizko Udalak. Gisa honetako lanek inguru honetan bizi diren auzotarrei eragingo dizkieten trabak arintze aldera, aldi berean ebaki bat baino gehiago ez egitea erabaki da, eta lanak modu progresiboan aterako dira aurrera.

Bide bazterrak garbitzea eta bide bazterreko sastrakak kentzea izango da Morenillo bidea eraberritzeko lehenengo lana; horren ostean, orain dagoen geruza kendu eta bere ordez 20 cm-ko zabalerako hormigoizko zolarriko azala ipiniko da, eta horren gainean nahasketa bituminoso beroa jarriko da; horrek emango dio bukaera zoruari.

Bi hilabete inguruko epean burutuko diren obra hauek aprobetxatuko ditu Muskizko Udalak, Kobaronerako bide zaharreko euri uren kanalizazioa hobetzeko eta orain dauden ur pasabideak lurperatzeko. Horretarako, eraberritzeko obra hauen barruan, honako lan hauek ere eramango ditu aurrera ditu Muskizko Udalak: V formako bide bazterra jartzea, euri uretarako hustubide kutxatilak ipintzea, argiztatzea eta inguruko etxebizitzen saneamendua.