Albisteak

 

Gobernu Irekiko politikaren barruan, berrikuntza nagusi gisa, 2017. urtean aurrekontu parte-hartzaileak aurrera eraman ahal izateko ekimena abian jarri du Muskizko Udalak. Hori horrela izanik, 2016. urteko urritik aurrera, betiere jarraibide jakin batzuen arabera, aurrekontuetan erabakiak hartzeko prozesu honen partaide izan ahalko dira Muskizko bizilagunak.

Muskizko bizilagunei hurrengo ekitaldiko aurrekontuetarako proposamenak aurkezteko aukera ematea izan da Gobernu Irekia zinegotzigo sortu berriak bultzatutako lehenengo ekimen berritzailea. Dagoeneko erabiltzeko moduan daude udal aurrekontuetan parte hartzeko interesa duten guztiek euren ekarpenak egin ahal izateko bitartekoak eta dokumentuak.

Muskizko Udalak herritarrak informatzeko eta kontzientziatzeko kanpaina bat jarri du abian, horrela, hurrengo udal aurrekontuetan parte hartzeko eskura dauden bitartekoen berri izango dute herritarrek. Ekimen hau herritarren artean zabaltzeko, batik bat, komunikabideen bitartez informazioa zabaldu da, eta, horretaz gain, aurrekontuetan parte hartzeko prozesuaren nondik norakoak igo dira Udaleko webgunera.

Gobernu Irekia zinegotzigoko Facebook orria ere irekitzeko asmoa du udal korporazioak, hurrengo ekitaldiko aurrekontuetan parte hartzeko prozesuko informazioa bideratzeko, beste ekimen batzuen artean.

Proposamenak aurkeztea

Aurrerago, nortasun juridikoa eta egoitza soziala Muskizen duten herritar eta entitateek proposamen zehatzak helarazi ahal izateko bideak eskura jarriko ditu Muskizko Udalak. Hasiera batean, behintzat, 3 asteko epea izango dute herritarrek euren proposamenak Udalari igortzeko; eta horretarako, bide hauetako edozein erabil dezakete:

  1. Udaleko webgunean inprimatzeko jarriko den galdera sorta bete eta herritarrak artatzeko bulegoetan edota Linea Verdeko postontzietan utzita, bai eta Linea Verderen beraren webgunearen bitartez ere.
  2. Udal bulegoetan proposamenak euskarri digitalean aurkeztuta. Horretarako, USB memoriak, SD txartelak, CDak, DVDak eta abarrak erabil daitezke.
  3. Udaleko webgunean, aparteko atal batean, erraz ikusteko moduan eta nabarmenduta ipiniko den galdera sorta digitala beteta.

Formatu informatikoa erabili nahi dutenek Udaleko webgunea bera erabil dezakete, eta, horretaz gain, USBak, SD memoria txartelak, CDak edo DVDak utziko zaizkie Udal bulegoetan. Tradizionalagoak direnek, berriz, Muskizko Udaleko webgunean jarriko den galdera sorta inprimatu eta udal bulegoetan edota Linea Verdeko postontzietan utzi ahalko dute.

2017ko aurrekontu parte-hartzaileetan proposamenenak aurkeztea ez da konplexua izango, izan ere, hizkuntza arrunta erabilita, zer hobetu nahi duten eta zergatik azaldu beharko dute muskiztarrek, euren ekimenaren irismena eta gutxi gorabeherako aurrekontua, horrelakorik edukiz gero. Era berean, planteatzen den ideia argiago ulertarazteko dokumentazio osagarria ere erantsi ahal da, besteak, beste, argazkiak, bideoak, planoak edota irudiak.

Aurrerago, unean-unean, Udalak jakitera emango du aurkeztutako proiektuen artean zeintzuk sartuko diren udal aurrekontuetako jardueretan; izan ere, udalerriko alderdi politikoek eta Muskizko Udal Sailek aurkezten dituzten proiektuekin gertatzen den bezalaxe, aurkezten diren proiektu guztiak ezingo dira 2017. urtean aurrera eramango diren jardueren artean sartu.