Albisteak

 

Iberdrolak lineak lurperatzeko lanei ekin die, Muskizko argindar sarearen horniketaren kalitatea hobetzeko. Lan hauek urtea amaitu baino lehenago bukatzea aurreikusten da. Honek guztiak udalerriko bizilagunei eragingo die, izan ere, 1.100 metro argindar hari bideratuko dira eta transformazio-zentroetan lanak egingo dira.

Argindar enpresaren STAR proiektuaren bidez, telekudeaketa garatzeari lotutako lege baldintzak betetzen dira, eta, horretaz gain, inbertsio osagarri handia dakar, eskaintzen den zerbitzua hobetzeko eta argindar sarean hainbat berrikuntza gehitzeko.

Muskizen kasuan, zehatz-mehatz, guztira, 3.756 kontraturen horniketa eskaintzen duten 30 transformazio zentrotan egingo dira lanak inbertsio honi esker; eta horietako lau transformazio zentrotan telekudeaketa eta automatizazio sistemak erantsiko dira. Horrela, nabarmen hobetuko da muskiztarren argindarraren horniketaren kalitatea (edozein ezbeharren aurrean elektrizitaterik gabe egoten den denbora jaitsita) eta gainera sare adimendu batean txertatu ahalko da.

Lan hauek hainbat herritarri eragingo diete, eta, horren ordainetan, zenbait eragozpen ere izango dute udalerriko bizilagun batzuek, izan ere, gutxi gorabehera, 1.100 metroko ibilbidean zehar bideratuko dira argindar zerbitzu berriak, San Juan Ikastetxeko zubitik San Martin industrialderaino. Era berean, proiektuan jasota dagoenez, teleaginte bidez funtzionatzeko transformazio zentro berri bat eraikiko da, eta dagoen beste transformazio zentro bat eraberrituko da.

Argindar enpresak eta meatzaldeko udalerri honetako Udalak aurreikusten dutenez, obra zibil hauek azaroan zehar bukatuko dira eta proiektu osoa amaituta egongo da 2016. urtea amaitu baino lehen.

Bestalde, honekin batera, Iberdrola Distribución Eléctrica enpresak 600.000 €-ko gutxi gorabeherako aurrekontua dauka, Abandoko azpiestazioa eta Muskizko azpiestazioa uztartzeko proiektua aurrera eraman ahal izateko. Meatzaldeko herri honen argindar horniketaren kalitatea gehiago hobetzea da lan hauen helburua.

Sare adimenduak eraldatzea

Sare Adimenduen eremuan eraldaketa teknologiko bat aurrera eramatea da Gupo Iberdrolak bultzatu duen STAR izeneko proiektuaren helburua (Telekudeaketa Sistemak eta Sarea Automatizatzea).

Energia banatzeko sistemaren garapen teknologikoa da Sare Adimendu hau, eta sare honek elkartu egiten ditu instalazio tradizionalak eta monitorizazio teknologia, informazio sistema eta telekomunikazio modernoak. Sare honi esker, zerbitzu ugari eskaini ahalko zaizkie bezeroei, horniketa hobetuko da, gizarteak etorkizunean behar izango dituen elektrizitate energia beharrei erantzungo zaie eta eraginkortasunez kudeatu ahal izango da energiaren banaketa.