Albisteak

 

Udal korporazioak 30.000 euro erabili ditu udalerriko hiru hezkuntza zentrotan mantentze lanak aurrera ateratzeko. Mantentze lan horiek, batik bat, honako hauek izan dira: berogailuak eta komun ontziak aldatzea, gelak margotzea eta isuriak eta ateak konpontzea; nolanahi ere, eraikinen kanpoaldean eta teilatuetan egindako lanak ere sartu dira mantentze lanetarako partida honen barruan.

Era berean, aurtengo ekitaldian, Muskizko Ikastolan, Muskiz Bigarren Hezkuntzako Institutuan eta Cantarrana eskolan konponketa lanak egitea onartu du Muskizko Udaleko Gobernu Batzordeak. Konponketa lan horiek udako oporretan egin dira, eta adierazgarrienak honakoak izan dira: apurtuta zeuden PVCzko teilatu hodiak berritzea eta metalezko egituradun teilatu bat ipintzea lehen hezkuntzako atean. Bi konponketa horiek Cantarrana eskolan egin dira.

Muskizko Ikastolan eta Muskiz Bigarren Hezkuntzako Institutuan, batez ere, iturgintzako mantentze lanak egin dira, bi zentroetako gelak margotu dira eta ateak eta ur isuriak konpondu dira. Bi zentroen kasuan, batez beste, 6.000 euro inguruko inbertsioa behar izan da. Muskizko Ikastolako sarreran dauden zutabeetan babesle bigungarriak ipini dira eta Ikastolako jolastokian ere konponketa lanak egin dira. Bi horiek izan dira mantentze lan nabarmenenak.

Cantarrana eskolari helduta, berez, mantentze lanei dagokienaz gain, partida ekonomiko bat gorde da, Cantarrana eskolako teilatuetako hodiak konpontzeko eta Lehen Hezkuntzako eraikineko atean instalatu berri den karparekin komunikatzen duen polikarbonatozko estalki bat ipintzeko. Guztira, 17.424 eurokoa izan da Cantarrana eskolara bideratu den inbertsioa.