Albisteak

 

Eskola materiala erosteak Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak egiten dituzten ikasleen familiei eragindako defizit ekonomikoa arintzeko asmoz sortutako programa onartu du Muskizko Udalak. Guztira, 20.000 eurokoa da helburu honi begira onartu den aurrekontu partidaren zenbateko osoa, eta aurten handitu egin da, 2012. urtetik lehenengo aldiz.

Muskizen erroldatutako ikasleek diru-laguntza hauek eskuratu ahalko dituzte, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko zentro publiko edo pribatu batean matrikulatuta badaude. Aste honetan ireki da eskabideak aurkezteko epea eta urriaren 6an (osteguna) bukatuko da.

Aurreko urteetakoa baino handiagoa da aurtengo diru-laguntza programa honen zenbateko osoa, ahalik eta Muskizko familia gehienei lagundu ahal izateko. Diru-laguntza zati berdinetan banatuko da onartutako eskabide guztien artean. Nolanahi ere den, Muskizko Udalak onartutako oinarrietan jasota dagoenez, laguntza indibidual bakoitza ezin da 180 euro baino handiagoa izan.

Aurkezten diren eskabideak baloratzeko honako bi irizpide hauek hartuko dira kontuan: familia unitateko kide kopurua eta kide horien diru-sarrerak. Horrela, guraso bakarreko familien kasuan, diru-laguntza hauek jaso ahal izateko 15.000 eurokoa da gehienezko diru-sarrera kopurua; eta muga 23.000 eurokoa da, familia unitatea 6 pertsonak osatzen baldin badute.

Familia batek bi diru-laguntza eskuratuko balitu, diru-laguntza indibidualaren % 200 jasoko luke, baina 3 diru-laguntza indibidualek % 280 jasoko lukete; eta 4 diru-laguntza indibidual edo gehiagoren kasuan, % 340.

Eskabideak aurkezterakoan, Familia Liburua eta Errenta Aitorpena erantsi behar dira, eta, baldin eta familia unitatea errenta aitorpena aurkeztetik salbuetsita badago, Ogasun Saileko “Errenta Ez” ziurtagiria gaineratu behar da.